-- Leo's gemini proxy

-- Connecting to gemini.xabirequejo.eus:1965...

-- Connected

-- Sending request

-- Meta line: 20 text/gemini; lang=en

Adimen Artifiziala administrazio publikoan


2024ko urtarrilaren 17an, asteazkena, Bilboko Euskaldunan ospatu zen *Adimen Artifiziala administrazio publikoan* jardunaldian egon nintzen, Eusko Jaurlaritzaren TEKguneak antolatuta.


Kontsumo-elektronikari buruzko blogetan ez dago beste albisterik azken aldian, guztia da adimen artifiziala eta zein zoragarria den; *web txikian*, aldiz, deabruaren parekotzat dute. Nire iritzia ez da ez aldekoa ezta kontrakoa ere eta jardunaldi honek zenbait ideia argitzeko baliagarria izango zitzaidalakoan izena eman nuen.


Jardunaldia, berez, Javier Viañaren aurkezpenarekin hasi zen. Beharbada sarrera samurrago batekin hastea egokiagoa izango litzateke edo agian ez nintzen publiko helmuga, baina ez zitzaidan *soft landing* iruditu inolaz ere. Bere hitzaldiaren muina orain arte ezagutzen dugun AAren eta AA esplikagarriaren arteko desberdintasunak izan ziren, izan ere AA *tradizionalarekin* ez dakigu makina nola iritsi den erantzun hori ematera. XAIk gardenagoa egingo luke, prozesua *aztergarria* izango litzateke eta ulertu ahal izango genuke zergatik dioen dioena. Administrazio publikoan, erabat beharrezkoa litzateke AA esplikagarria izatea, noski.


Ondoren Álex Rayónek hartu zuen hitza. "Adimen Artifiziala praktikan" askoz ere dinamikoagoa izan zen, baita agresiboagoa ere. Dokumentuen laburpena, AA hackeatzea (edo Viaña izan zen?), aseguru-agentzien testu legalen interpretazioa… Uste dut onena amaierarako utzi zuela eta aurkeztu zituen tresna batzuek tarte luzeagoa merezi zutela eta tresnok ulertzeko errazagoak eta praktikoagoak ziren gainera: itzultzaileak etab. Bere aurkezpena umorez jantzi zuen hasiera-hasieratik, baina ez zen nire estilokoa izan. Badakit AA ez dela gai samurrena eta ideia konplexuak transmititzea ez dela erraza, baina aukerpezpena *show* bilakatu zuen edukiaren muinaren kaltetan. Entzuna dut oso tipo jator eta umila dela, baina hitzaldian kontrako irudia eman zidan.


Gartner enpresako Jordi Escalék eman zuen hurrengo hitzaldia: "Adimen Artifizial sortzailea: aukerak, potentziala eta arriskuak Administrazio Publikoentzat". Oso orokorra eta etereoa iruditu zitzaidan eurkezpena eta kasu edo adibide erreal gehiago ikustea gustatuko litzaidake. Grafiko eta kalkulu batzuk zituen, agian oso konplexuak zirenak eta bere enpresako gaitasuna erakusteko balioko ziotenak (ez dakit). Niretzat interesgarriena AAri buruzko interesa irudikatzen zuen grafikoa izan zen: egun *hype* betean-edo gaudela irudikatzen zuen eta *burbuila*k eztanda egin ondoren tresna erabilgarriak sortuko direla iragartzen zuena. Gogoratzen 3D betaurrekoak, Google Lens, Big Data, blockchain edo NFT? Horiek egon ziren goreneko unean dagoela dirudi AA, eta etorkizunean ikusiko da benetazko erabilgarritasuna.


Hala ere, adibide errealak ikusi nahiko nituzke, webguneetako txatez haratago doazen kasu praktikoak. Adibidez, gai izango litzateke AA diru-laguntza baten deialdiaren agindua prestatu, jasotako eskaerak aztertu eta ebazpenak jaulkitzeko? Eta nola agin aurre algoritmoari iruzurra egiteko eskaerak detektatzeko?


Peru Sasiak hartu zuen hitza atsedenaldiaren ondoren, "Herri-administrazioan Adimen Artifizial aurreratua erabiltzeko erronka etikoak" hitzaldiarekin. Ez naiz filosofia zalea eta, horregatik, hitzaldiaren lehenengo zatia soberan izan nuen. Bere azalpenak interesgarriak izan baziren ere, uste dut ikuspegi batzuk landu beharko zituzkeela. Adibidez:


egunotan pairatzen ari garen lehortearekin, ezin ahaztu AAk litro erdi ur inguru behar dituela eskaera bakoitzeko. Merezi al du? Baliabide naturalen erabilera Javier Viañak eta Jordi Escalék aipatu zuten, baina azaletik, ez zuten batere sakondu.

etikoa al da AAk beste pertsona batzuen lana erabiltzea trebatzeko ezertxo ere ez ordaindu gabe, ezta kreditua eman gabe ere? Ez du egiletza-eskubiderik errespetatzen.

zilegi litzateke administrazioak pertsona kopuru bat kontratatzea astebeterako, AA trebatu eta gero kontratua luzatuko ez balie?


Iñaki Parienteren "Adimen Artifizialaren arautzea Europan: negoziazioaren azken aurrerapenak eta erregelamenduaren eduki nagusiak" hitzaldiak ikuspegi juridikoagoa izan zuen. Niri fidagarritasuna transmititu zidan, batez ere administrazioak ez lituzkeela AEBetako AAk erabili esan zuenean. Duela gutxi jakin dugu Air Canadak bere laguntza-txatbotak dioena juridikoki loteslea *ez* izateko eskaera egin zuela (eta galdu). Kanpoko esteka:

WIRED (ingelesez)


Laura Marrónen txanda iritsi zen orduan: "Adimen artifizialaren kode etikoa". BAIC Adimen Artifizialeko Euskal Zentroaren zuzendari nagusia da Marrón eta sarrera labur baten ondoren "Euskal startup-ak eta Adimen Artifiziala" mahai-inguruari hasiera eman zion, Adimen Artifizialaren arloko esperientziak partekatzeko. Horretarako hiru gonbidatu ekarri zituen:


Mariate Linaza - Vicomtech Sustapen eta Garapen Instituzionaleko zuzendaria

Maider Alberich - CTO eta Co-founder. Naru Intelligence

Leire Legarreta - CEO. We are clickers


Gonbidatuen artean Linazak egin zuen ekarpen handiena, esperientziaduna zen eta eroso sentitzen zen jendaurrean hitz egiten. Galdera egokiak eginez askoz gehiago azal zezakeela ikusten zen eta tarte handiagoa eskaini behar zitzaiola iruditzen zait. Alberich, aldiz, ezagutza handia izango zuen ziur asko, baina deseroso zegoela nabaritzen zen eta askoz gehiago partekatu zezakeen, zalantzarik gabe. Biak ala biak bat etorri ziren Adimen Artifizial esplikagarriaren beharrarekin eta balizko arazoei (ezagutzen ez den gaitz bati aurre hartzeko, adibidez) aurre egiteko prestatzeko balio dezakeela.


Legarreta, ordea, beste dimentsio batean zegoela zirudien. Hasieratik esan zuen ez zuela AAren alde txarrei buruz hitz egin nahi eta fantasiazko mundu bat irudikatzen zuen. Bere haurrek AA erabiliz webguneak egiteko gaitasuna goraipatu zuen besteak beste, eta etorkizuna irudikatzeko eskatu ziotenean AAk txostenak idatziko zizkiola berak dutxa hartu bitartean erantzun zuen (agian dutxa hartu edo haurrek webguneak egitearen artean erabaki beharko du, batek daki).


Haur batek AA erabiliz webgune bat sortzen badu, zer gaitasun eta balore bultzatzen ari da? Eta ez al da AA gehiago erabiltzen sorkuntza kreatiboa osteko (liburuak idatzi, irudiak margotu...) txostengintza bezalako zeregin astunetarako baino? Hots, zaletasunetarako, garrantzia txikiagoko gauzetarako erabiltzen da egun AA. Beharbada etorkizunean AA fidagarriagoa izango da eta ataza *garrantzitsuagoak* ere bidaliko zaizkio.


Argitu al dit zerbait? Ez.


Jardunaldiak ikuspuntu ugari jorratu zituen eta uste dut guztiok topatu genuela gure intereseko zerbait; hala ere arlo batzuetan gehiago sakontzea gustatuko litzaidake, alde etikoan batez ere, eta administrazio publikoan erabiltzeko adibide erreal gehiago ikustea faltan nuen.


Mahai-ingurua eskasa iruditu zitzaidan, hobeto prestatu zitekeela uste dut, argi zegoelako hizlarietako bik bazutela zer esan. Gainera, uste dut Marrónek jardunaldia hasi izan balu 5 minutuko AAri buruzko azalpen orokor eta erraz batekin, borobila izango zela (berak hasi eta buka).


AAk naturan duen eraginean askoz gehiago sakondu behar zela uste dut, krisi klimatiko betean ez gaudelako baliabideak xahutzeko moduan, eta AAk izugarrizko erabilera egiten du:


Chat GPT-3 trebatzeko 700,000 ur edangarri erabili dira

Amazon, Google, Microsoft eta Metaren energia beharra bikoiztu egin da 2017 eta 2021 bitartean, eta berriro bikoiztuko da 2026 urterako. Energia nuklearrari egingo dio mesede, jakina.


Beste esteka batzuk


Euskarak izan zuen presentzia ezin txikiagoa izan zen eta hizlari bakar batek ere ez zuen euskaraz egin. Euskara da euskal administrazioa *euskal* egiten edo egin beharko lukeena, eta gure hizkuntzaren berezitasunak eskaintzen dituen aukerak eta ahuleziak aztertzea ondo egongo zitekeen. Álex Rayónen tresnetako batzuk praktikan ikusteko balioko luke hizlariek gazteleraz egiten eta, zuzenean, AAk euskaratuko balu baina noski, AA ez da —gaur-gaurkoz behintzat— dioten bezain azkarra.


Nire ikuspegia jardunaldira joan baino lehenagokoa da. Oraindik AA mundua gaitz guztietatik libratuko duen teknologiatzat aurkezten dute askok eta iruditzen zait gertuago dagoela mundua suntsitzetik salbatzetik baino, eta askotan ezin jakin AA den edo skript kate soil bat marketing departamentu on batekin. Escaléren grafikoari kasu egin eta hype guzti hau noiz amaituko itxarotea izango da onena.


Gainontzeko gauza guztiekin bezala, AA senaz erabili beharko litzateke, behar diren lanetarako eta ez lelokeriatarako: baliabideak eskasak dira. Baina aldi berean ez dut uste deabrua denik eta argi dago badituela erabilera positiboak ere. Gogoratu beharko litzateke duela mende batzuk ehungintzako langile batzuek (ludditek) lurrun-makinak hondatzen zituztela lana kendu ez ziezaieten.


Badago arlo bat agian aipatu ez eta niri oso interesgarria iruditzen zaidana: irisgarritasuna. Gure gizartea erabat bisuala da eta guztiz ongi ikusten ez dugunok (edo internet eskasa izan eta grafikoak ezin kargatu gabiltzanok) eskertzen dugu irudiek deskribapen bat izatea. Deskribapen edo *testu alternatibo* hori idaztea gogaikagarria denez, askotan ez dugu egiten baina AAri eskatu diezaiokegu gugatik egitea. IceCubes (iOS, macOS) aplikazioak baliatzen du funtzio hau (ingelesez bakarrik) eta sinesgaitza da zein ondo egiten duen. AAren erabilerarik onenetarikoa iruditzen zait.


Amaitzeko, deigarri gertatu zitzaidan hizlarietako hiruk bankan historia dutela jakitea:


Rayón (Santander)

Sasia (Fiare)

Legarreta (Kutxabank)


Sarrera hau jardunaldira joan eta hurrengo egunean hasi nintzen idazten baina azkenean berandu egin zait eta hilabete beranduago argitaratzen ari naiz. Oso litekeena da gauza batzuk ahaztuta izatea, ez hartu itsu-itsuan.


__________

2024ko otsailaren 19a, astelehena

-- Response ended

-- Page fetched on Sun May 12 18:37:28 2024